
Lea Artibai Ikastetxea, bere sorreratik inplikatuta egon da Lea Artibai eskualdearen garapenean. Eskualdeko enpresen ekimenez sortua enpresa ehunaren lehiakortasunaren alde lan egiteko, horretan dihardu 50 urtetan, eskualdeko langileak eta orohar pertsonak kualifikatzen, ikerkuntza eta berrikuntza proiektuak enpresekin elkarlanean jorratzen eta baita, enpresa berrien sustapenean eragiten ere.
50 urte hauetan, bere misioaren iparra galdu gabe, etengabe inguruko errealitateen beharrizanetara egokitu izan da Ikastetxea. Puntako formazio eskaintza arautua, langile eta langabetuentzako formazio iraunkorraz osotu du eta halaber, kualifikazio maila altuagoa eman dezakeen ingenieritza eta masterrak ere eskaintzen ditu. Enpresen eguneratze teknologikoari eta berrikuntza beharrei erantzuteko, ikerkuntza eremua ere jorratu du azken urteetan gaur jadanik errealitate kontsolidatua den Leartiker sortzeraino. Aipagarria da baita 2001 urtean enpresa sustapenaren alde egindako apustu irmotik ikastetxeak sorturiko Azaro Fundazioa, egun ekintzailetasuna eta enpresa sustapenerako inguruko erreferente argia.
Izpiritu honi eutsiz, 2006 urtean, egindako bidearen analisi bat eginez eta batez ere eskualdeko enpresa sarearen aukera eta mehatxuak kontutan hartuta, Esperanza 2013 proiektu estrategikoa definitu zuten Lea Artibai Ikastetxeak eta Azaro Fundazioak elkarlanean. Inguruko enpresa sarearen lehiakortasun beharren aurrean hurrengo urteetara begira berrikuntza beharrizanen aurrean enpresen nahitaezko bidelagun izateko apustu argia egiten dugu.
Esperanza 2013 proiektua honako misio honen inguruan egituratu da: Inguruko enpresa sarearen garapen teknologikoaren eta lehiakortasunaren hobekuntzan bidelagun izan, batez ere, Lea Artibai Ikastetxeko ezagutza guneekin erlazionaturiko sektoreetan, garapen propioaren bidez edo ezagutza berriak eskuratuz. Honekin batera, profesional gaituak prestatzea izango da erronka, hauen izaera ekintzailean eraginez batez ere. Proiektu honen azken xedea oinarri teknologikoa edo/eta izaera berritzailea -eta ahal den neurrian kooperatiboa- duten enpresa berriak/jarduera berriak sortzea baita. Alegia, proiektu hau Lea Artibaiko enpresa ehuna sendotzera eta oro har eskualdea lehiakorragoa egitera bideratuta dago.
Esperanza 2013 proiektuaren baitan helburu kuantitatibo eta kualitatiboak definitu ziren. Lehenak jarduera ekonomiko berrien sorrerarekin eta berrikuntza proiektu kopuruarekin daude erlazionatuta. Zentzu honetan aurrerapauso handiak eman dira. Aipatzekoak dira sortutako 31 jarduera ekonomiko berriak eta hauen baitan kokatzen diren 65 lanpostuak.
Ikuspuntu kualitatibotik ere aipagarriak dira, etorkizuneko lan dinamika bermatzen duten heinean, besteak beste, jadanik lehen emaitzak ematen ari den negozio aukera berrien inguruko Behatokia, PROBE talde multidisziplinarrak, Leartiker materialen eta elikagai teknologien ikerkuntza gunea, Diseinu eta Berrikuntza Ingeniaritza edo Plastikozko produktuen diseinuan eskaintzen berri den Masterra. Lan kualitatiboaren inguruan bi atal azpimarratu behar dira: Behatokiaren jomuga diren sektoreak eta PROBE taldeen lan egiteko modua. Negozio aukera berrien Behatokitik proaktiboki behatzen dira honako sektoreak: akuikultura, energia berriztagarriak, osasuna, ingurugiroa, turismoa, elikagaiak eta materialak. PROBE talde multidisziplinarraren lan egiteko modua, berriz, honetan datza: sustapen teknikari eta ikerlariekin lan taldea osatu eta eremu ezberdinetan enpresa ideiak identifikatu, garatu eta azeleratu.
esperanza 2013 >